Niri buruz

 

Kaixo!

Mikel Lizarralde naiz eta marketing digitalean dihardut lanean azken hamasei urtean.

Nire istorioa modu kronologiko ohikoan kontatzea baino nahiago dut beste modu batean egin.

2018an kolpe handi bat jaso nuen. Ordura arte bizitza estandarra neraman. Emaztea, bi alaba, lana, … Egunerokotasunean murgilduta. Egunak pasatzea, helburu argirik gabe.

Esklerosi anizkoitzaren diagnostikoa zaplada bat izan zen. Aprobetxatu bizitza. Gozatu. Baita alor profesionalean ere.

Kolpe txar batek onena ematera eraman zaitzake batzuetan.

Baina goazen hasierara.

Mikel-4

 

 

 

 

Hastapenak, berriz egingo ez dudan lan bat

Enpresen kudeaketa ikasi nuen unibertsitatean, marketinean espezializazio master eta guzti.

Banku batean lortu nuen lehen lana. Sei hilabetez. Ez zidaten kontratua berritu. Argiegi hitz egiten nuen goikoekin. Amorrua eman zidan. Balio izan zidan jabetzeko non ez nuen lanik egin nahi. Ez da gutxi. Gerora poztu izan naiz.

 

Altzari-saltzaile (interneten)

Hurrengo aukera 90 urteko egur biltegi batean izan zen. Erronka ikaragarria. Zerotik produktu-lerro berri bat asmatu eta saldu behar genuen.

2005 zen. Internet bidez saltzea zaila zen. Baina hor izan nuen mundu digitalarekin lehen kontaktua. Ecommerce-a, SEO, SEM, blogak, hasi berriak ziren sare sozialak, … aitzindariak izan ginen.

Bi urte t’erdira irudipena nuen interneteko salmentaren proiektua ez zela lehentasuna enpresarentzat. Beste bide batetik joatea erabaki nuen.

Enpresa hura pikutara joan zen, Fagorren erorketaren albo-ondorioak, baina errautsetatik birsortu eta arrakastako proiektua da egun, euskal IKEA, Muebles Lufe. Asko pozten naiz.

 

CodeSyntax, familia baten parte

Nire bidea egiteko asmoa neukan Interneteko proiektu bat sortzen, Goodreads moduko bat, liburuak baloratzeko sare sozial bat. Enpresa berriak sortzen laguntzen duten erakunde batean ideia aurkeztu eta Eneko aurkeztu zidaten, CodeSyntaxeko gerentea.

Elkar ezagutu eta CSn lana egiteko proposamena egin zidan. Proiektu-arduradun moduan egin dut lana gehienbat, marketing digitaleko ezagutza aplikatuz proiektuetan.

Interneteko proiektuak egiten genituen bezeroentzat. Enpresak, hezkuntza, euskalgintza eta norbanakoak izan ditut bezero. Baita Egunean Behin bezalako ekimen propioak ere. Makina bat bezero eta proiektu!

Ingurune digitalean nola jardun behar den, estrategia eta helburuen garrantzia, akzioen jarraipena, metrikak, … zenbat detaile zaindu behar diren! Eta nola doan aldatzen mundu hau etengabe azkar-azkar!

 

Diagnostikoa, zaplada handi bat

2018ko otsailean, mendian korrika nenbilela, bikoitza ikusi nuen bat-batean. Hainbat probaren ostean esklerosi anizkoitza diagnostikatu zidaten. Gaitz neurologikoa, kronikoa, degeneratiboa eta sendaezina. To! 38 urterekin entzutea espero ez duzun zerbait.

Ziurgabetasuna da gaitz honen ezaugarri nagusia. Etzi gurpildun aulkian egon naiteke, edo ez. Akaso ez daukat beste erasorik inoiz.

Hasieran zuloan nengoen. Fisikoki eta mentalki. Baina ingurukoen babesarekin, kirola eginez eta optimista burugogorra izanik (erresilientzia aipatzeko modu ez elegantea), hobetzen joan nintzen.

Nire buruari erronkak jartzen joan nintzen. Pixkanaka.

Igerian Getaria-Zarautz, Donostian maratoi erdia, gero etorri zen 2019ko Zegama-Aizkorri eta orain gutxi, 2021eko urrian Hiru Haundiak, 101 kilometroko lasterketa.

2019ko Zegama-Aizkorriren aitzakian 700 euro pasa bildu nituen ADEMGI elkartearentzat. Eta ‘Gipuzkoa herriz herri’ ekimenarekin 4.000 euro baino gehiago Biodonostiarentzat, kirolaren abantaila fisiko eta mentalen alde egiteaz gain.

Diagnostikoaren zapladak kontzientzia soziala ere auspotu dit. Bada zerbait, ezta?

Profesionalki ere auspotu ninduen. Dabilen harriari goroldiorik ez, dio esaerak. Ez nuen nire burua ikusten ordura artekoa egiten 10 urte barru. Mugimendua.

Hamahiru urte pasa ditut CodeSyntaxen. Azkar pasa da denbora. Familia eder bat da, lana egiteko toki zoragarria. Euskal interneteko punta-puntako enpresa.

Baina erronka berri bat behar nuen.

 

TXO, marketing digitala

Astelehenetan lana egiteko gogoa eta ilusioa berreskuratu nahi nuen. Eta, zerbait propioa sortzen banuen? Horregatik ekin diot erronka eta abentura berri honi.

Enpresa eta erakunde txikiei marketing digitala lantzen lagundu nahi diet. Bezero gutxi batzuekin lana egin, modu estu eta gertukoan, haiek gehiago saldu dezaten, taldeko bat gehiago bilakatuz.

Ez dakit zer izango den TXO hemendik urte batzuetara. Ez daukat helmuga jakin bat buruan. Bidea da interesatzen zaidana.

 

Gehiago saldu nahi duzu?

Zure erakundean marketing digitala ganoraz landu nahi baduzue, jarri nirekin harremanetan eta hitz egingo dugu.