Equilia

 

Memoria izatea aldarrikatzen dut. Batez ere laguntza eman dizuten horiekin. Eta badira ahaztu ezin direnak, lehen bezeroa bezalatsu.

Lehen bezeroa lortzea zaila da. Nigan konfiantza jarriko zuen lehena. Ia-ia nik neuk izan aurretik. Horregatik betirako eskerrona Arrate eta Judithi.

Harremana lehenago hasi zen ordea.

Duela bi urte lagun on batek esan zidan coach batekin coaching prozesu batean zegoela. Gainera, coach hori eibartarra zen eta bion artean gradu bat edo biko banaketa-tartea soilik zegoela deskubritu nuen.

2021 hasieran hasi nintzen coaching-a egiten berarekin, Arrate Iraolagoitiarekin. Ideiak ordenatzeko beharra neukan, nire lan-bizitzaren norabidea argitu beharra.

Jarraitutako prozesuari esker gaur egun zoriontsuago bizi naiz eta gustuko dut profesionalki daramadan bidea.

Hori da Arrateri betirako eskerrona izatearen lehen arrazoia.

Ondoren, berak eta Judith Castillok osatzen duten Equilia enpresan marketing digitala lantzea nahi zutela aipatu zidan. Hitz egin genuen, egoera aztertu, plan bar aurkeztu eta 2021ko udaz geroztik haiekin dihardut lanean.

Marketing plana eginaz hasi ginen eta jarraitzen dugu haien jardun eta zerbitzuei ikusgarritasuna eman nahian. Eta eskertzen diet haientzat horren urrunak ziren SEO, edukien marketina edota Google Ads bezalako ekintzetan konfiantzazko bidelagun izaten uztea. Pentsa, podcast bat egitera ausartu dira barren!

Lehen bezeroa. Zailena. Asko zaintzen saiatzen naizena. Betirako eskerrona.

Equilia