Unitate Duala, Deustuko Unibertsitatea

 

2022ko ekainak 1. Gaur da urtebete nire kasa hasi nintzela lanean. Urtebete folio zuria osatzen. Ez da asko, ezta gutxi ere.

Eta folio zuriak abantaila handi bat dauka: nahi duzun moduan idatzi dezakezu zure istorioa.

Hots, nahi duzunarekin egin dezakezu lana.

Niretzako plazer handi bat izaten ari da Deustuko Unibertsitatearen Formakuntza Dualerako lana egitea. Arrazoi askogatik.

Aurrena, buruan neukan negozio-ideia baieztatzen duelako: komunikazio eta marketinean pertsona bat behar zuten, erakundetik kanpokoa, epe luzerako lankidetza estuan, lana bertan eta etxetik konbinatuz.

Urte hasieratik nabil haiekin lanean eta ikusitakoak harritu nau. Ezer gutxi nekien prestakuntza dualari buruz eta orain guztiz sinestuta nago etorkizunean unibertsitateko prestakuntza duala izango dela, edo ez da izango.

Gainera, prestakuntza duala lantzeko moduak ere badu garrantzia: modelo propioa, prestakuntzarako eskola, … Lan ederra egiten ari dira, katedrala erakitzen dihardute, eta plazer handi bat izaten ari da horren parte txiki bat izatea.

Plazera, nahiz eta nire erosotasun-gunetik atera eta kontrolatzen ez ditudan zereginetan ikasi behar izan dudan arren, adibidez bideoak grabatzen eta editatzen 🙂

Bestetik, Deustuko Unibertsitatean ikasi nuelako eta ilusioa egiten zidan “etxera itzultzeak”.

Isa lagunak dio adin jakin batetik aurrera unibertsitatera itzuli nahi izaten duela jendeak, lanera edo klasea ematera. Nire kasuan, ez dut bilatu itzulera hori baina gozatzen ari naiz. Eskerrik asko lan-talde dualari. Jarraitu dezagun gozatzen!

Unitate Duala Deustuko Unibertsitatea